XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Asmakizunaren ihesbidea

Garaiko errealitatea ukatzen zuen ezkero, trufa ta parreaz kanpo ihesbide nagusia da, heroen desegitea, beren buruak hiltzen dituztelarik batean, oztopo diren jendeak hilaz bestean, askotan ere eriotzari buruzko meditaketean bakea arkituz.

Ihesbide gisa gorputzaren sorgortzaileak, ahazkortzaileak, nola alkola ta loegiteko erremedioak, bere ipuiñetako ta nobelako jendeen behineko sendagailuak dira.

Bi ihesbide horiek ez dira soilki fikziozkoak izan Miranderengan, baina bereak zituen depresio beheralditan loa galdurik, lo sendagailuetatik alkoolerako joanetorriak egiten baitzituen, baita bere giza-nagusietan kondatzen zigun, bere buruaz beste egitea, bere buruan obratu baitu, asmakizuna errealitate bihurtuz bere Eriotzaren, ordua, aukeratuz.

Jon Miranderen asmakizun ederrena

Haur Besoetakoa, Jon Mirandek idatzi zuelarik, maiz elkar ikusten genuen; irakurri nuen; kritikatu nion; aldatu zuen eta bere helburuaren berri banekien idatziz eta hitzeginaz.

Behin ere nobela horren egiteko abioa eta benetako heroia ezagutu nuen, baina gure idazleak fikzioz, famili komeria izan zena, goratu zuen, hiru fikzio elementu sartuz, pedagogiaren aipamena, itsasoaren zeregina, Gazteen Lurra, kelt sinestea itxaropen bezala hartuz; bestalde trajeria aterabidea asmatu egin zuen.

Irakurketaren mailan, lehen idazketaren ondotik esan nion aipatu zidan sinbolika, irakurleak ikus zezan, giltz batzuk sar zetzan bere testuan; ez du esan nahi pedofiliari buruz diona ez dela kontutan hartu behar, baina nobelako neska gure idazlearentzat, berak amestutako Euskadi da eta nobelako gizona gehienetan Mirande da eta abertzaletasunarekin izan zituen ametsak neska bezala itotzen direnean, eta idazlea, bere pertsonaia nagusia bezala bere burua hiltzera joaiten.

Bigarren mailako irakurketa hortan euskal kultura, eta euskal eskola nola ikusi nahi lukean esaten digu, gorago ikusi dugun bezala bere hitzez.